Badirudi berrogeita hamar urte atzera egin dugula. Hemen, izarretatik eta ametsetatik gertuago gaudela dirudi, akaso, mendi garaien tontorrean gaudelako. Baina, hala eta guztiz ere, hemen denbora gelditu egin zen hezkuntza alorrean.
Entzunak genituen gure aiton- amonen ahoetatik, irakasleak jotzen zieneko garai haiek. Baina ez genuen sekula ere pentsatuko, 2010.urtean, gure begiekin ikusiko genuenik. Okuriko irakaskuntza errealitateak ez dauka zer ikusirik, guk jaso eta ikasi dugunarekin. Canchas Blancas maila- anitzeko (multigrado) eskola da. Bertan, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailak batzen dira. (Irakaslearekin hitz eginez jakin dugunagatik, legez kontrako egoera da).
Ez daramagu denbora gehiegi eskola honetan, baina nahikoa izan da bertako errealitatearen lehen hausnarketa batzuk gauzatzeko.
Lehenengo eguna oso gogorra izan zen. Eskolara iritsi eta irakasleak hiru taldetan banatuko ginela azaldu zigun: haur hezkuntzakoak eta lehen mailakoak berarekin, hizkuntzaren mugak direla eta (quechua dute euren ama hizkuntza); bigarren mailakoak eta hirugarrenekoak gure kargu geratzen ziren, eta baita eguneroko plangintza ere. Gure artean erabaki genuen mailak nola banatu (bigarren mailan Maddi eta hirugarrenean Maier).
Hortik aurrera jakin ahal izan dugu, asteko egun bakoitzean alor bat lantzen dela (astelehena: lenguaje; asteartea: matematika; asteazkena: ciencias naturales; osteguna: ciencias sociales; ostirala: errepasoa).
Ikasgelara sartu ginean erabat adoktrinatutako haurtxoekin topatu ginen. Ez dute duten adinaren itxurarik, ez kanpotik eta ez barrutik ere; kanpotik umeago badirudite (elikadura gabezia dela eta), barrutik umeak ez dira ume.
Lehen egun hauetan bereziki irakasleari arreta jarri genion, bere jardunarekiko interesa baikenuen, eta ez genuelako ziurtasunik nola ekin lanari. Honela, ikusi ahal izan genuen makila bat baino gehiago zituela gelan sakabanaturik, eta umeren batek bere gustukoa ez zen zerbait egitean, eskuaren gainaldean edota buruan jotzen ziela. Egunak aurrera, bere jarrerari azalpen bat bilatzen saiatu gara, eta bere egoerak guzti hau justifikatzen ez badu ere, ez da xamurra bere bizimodua.
Irakaslea Canchas Blancas izeneko herrixka batean bizi da. Okurin gauza gutxi badago, herri honetan ez dago ezer: dozena bat buztinezko eta lastozko teilatudun etxe eta eskola. Eliseo, hau baita irakaslearen izena, eskolaren ondoko etxetxo batean bizi da. Etxearen erdia irakaslearen bulegoa da eta beste erdia bere logela- sukaldea. Izatez, Oruro hirikoa da eta oraindik ez dakigu zergatik dagoen hemen. Oso hitz gutxiko pertsona da, nahiko hotza, urruna eta autoritate beharra du uneoro. Uler dezakegu oso gogorra izan daitekeela bizimodua ia inolako harreman sozialik gabe, lau pareta horietatik ia atera gabe eta erabat isolaturik. Gainera, lau seme-alaba ditu eta ez ditu apenas ikusten. Gogorra izango da baita ere, maila desberdinetako 28 umeei ikaskuntza oso bat eman ahal izatea. Gogorra den bezala, ia baliabiderik gabeko eskola batean jardutea.
Honek guztiak bultzatuta, gure hausnarketetako bat unibertsitatean ikasi dugun kontzeptu batekin lotura izan da: “ikasitako indefentsioa”. Zakur haiek janari bila elektrizitatedun hesiaren kontra behin eta berriz salto egiten zuten, baina azkenean etsiturik euren ezintasuna onartzen zuten; eta errefortzua begi aurrean izan arren, aurrera egiteko gai ez ziren. Gure ustetan, Eliseori antzeko zerbait pasa izan zaio. Bere irakasteko grina nonbait galdua du, beharbada egoera eta baldintzek eraginda.
Hasierako une hauetan hainbat gauzek erabat txunditurik utzi gintuzten: irakaslearen bulegoan ikas- material dexente dauka, baina ez dio erabilpenik ematen; ikasle bakoitzak bere eguneroko lanak egiteko kuaderno bat du, eta ondoren, garbira pasatzeko beste bat (alegia, egun osoa idazten pasatzen dute); gelan zehar sakabanaturik dituen makilak; ikasgela hotza, iluna eta hautsez betea dago; egun bakoitzeko gai bakarra lantzen da; ikasle bakoitzak bere ikas- materiala du (arkatz bat, margo gutxi batzuk, ezeztekoa eta erregela) eta ez duenari ezin zaio utzi, hau da, ez dute ezer elkar- banatzen; askotan, ez datoz bat ikasleen maila eta eman beharreko gaia; hizkuntza mugez haratago, irakasleak ez du kontuan hartzen euren ulermena; irakasleak ez du denborarik hartzen hainbat arlo jorratzeko (psikomotrizitatea, soinketa, musika, plastika …) ; hasi ginen egunetik gaurdaino, haur hezkuntzako ikasleak hizkiak lantzen ari dira eguna joan, eguna etorri, egunean sei orduz …
Ikusi ahal izan ditugun beste gauza harrigarrien artean, haurren elikadura aipatzea beharrezko ikusten dugu. Lehen egunean, begiak zabal- zabalik gelditu ginen ikusi genuenarekin. Haurrak eskolara heltzen direnean, egunero, etxetik ekarritako elikagaiak (patata edo arraultza) balde handi batean botatzen dituzte, eguerdian arrozarekin batera jateko. Horixe da beraien eguneroko otordu garrantzitsuena. Ondoren, gosaria ematen diete: ogi zati lehor bat eta basokada bat irin- ur. Elikadura hau dela eta, haur askok elikadura gabeziak dituzte, eta ez dute duten adinerako izan behar luketen energia (jolasak egitean berehala nekatzen dira edota ez dute gogorik).
Guzti honengatik, ia ezinezkoa da ikasi dugunarekin alderatzea hemen bizi dugun errealitatea. Gertaera konkretu batetik abiatzearren, gaur bertan, ikasle batek beste bati, izugarrizko ukabilkada eman dio bizkarrean, horrenbeste, umea lurrean negar batean utzi duela denbora luze batez. Egoera hau ikusirik, Eliseok izan duen esku- hartze bakarra lurretik berehala altxatzeko esatea izan da. Baina gu biok ezin izan gara begira geratu eta irtenbide bat aurkitzearren, elkarrizketari ekin diogu. Bakoitzak ikasle batekin jardun dugu eta ez dugu ezertxo ere lortu. Jipoia eman diona ez da barkamena eskatzeko gai izan eta bere galdera hauxe izan da: “Nola eskatzen da barkamena?” ; jipoia jaso duenak berriz, denbora luze baten ostean negar egiteari utzi dio eta gauzak bere horretan geratu dira. Honelako egoeren aurrean, oso zaila da irakasle gisan esku- hartzea, besteak besteak orain artean irakasleak jo egin baititu. Ezin dute ulertu zergatik dagoen gaizki min ematea.
Laburbiduz, beraientzat errespetuak ez du inongo baliorik, ez behintzat kideen artean; hori bai, irakasleari erabateko errespetua diote, beldurra dela ez esateagatik.
Eguneroko ikasketa plangintzari dagokionez, oso ezberdina da hemengo antolakuntza. Hauek dira, esate baterako landu ditugun gai batzuk (gai bakoitzarekin eguneko sei orduak bete behar izan ditugu): la luz y el calor; el aparato respiratorio; el día del estudiante boliviano; los derechos y deberes del niño boliviano; las palabras contrarias; producciones literarias; tablas de multiplicación (1-9); unidades de medida – longitud; divisiones exactas; maquinas simples; el aparato circulatorio … Ez daukate etenaldirik, eguneko sei orduak gai bakar bat lantzen pasatzen ditugu. Nahiz eta, gaiarekin zeharkako erlazio bat bilatuz, jolas batzuk egunero egiten saiatzen garen.
Bigarren aste amaieran, ostiralean, plastika- saio bat prestatzeko aukera izan genuen. Horretarako, adin- talde bakoitzarentzat maskara eredu batzuk egin genituen (ura, sua, lurra eta haizea) beste egun batean antzez- lan txiki bat egiteko baliagarriak izango zaizkigunak. Kareta hauek egitea nahiko erraza izan zen eurentzat, kopiatzeko erudua eskura baitzuten. Baina txundigarria izan zen, koloreak eskura jarritakoan, material desberdinak emandakoan (argizarizko margoak, koloretako arkatzak, plastidecor-ak …) euren kabuz koloreak aukeratu zituztela eta nahi zuten modura konbinatzeko gai izan zirela. Azken batean, ez zen ordurartean egin ohi zituzten lan zuzendu eta itxia, nolabaiteko askatasuna sentitu zuten, dibertitu egin ziren goiz hartan eta irribarretsu ikusi genituen irudimenari ateak zabalduz.
Antzeman dugun desberdintasun nabarmenetako bat psikomotrizitate finarena izan da. Euskal Herriko eskoletan haur hezkuntza etaparen hasieratik ematen zaio garrantzia arlo honi, eta ikasgeletan material ugari eta anitzak topa ditzakegu hau lantzeko (guraizeak, puntzoiak, puzzleak, enkajableak …) Hala ere, hemen ez dugu horrelako ezer topatu eta guraizeak erabili behar izan ditugun kasuetan, ikasle askok guraizeekin mozten ez zekitela ikusi dugu. Horren aurrean, ausartenek guraizeak hartu eta euren lanak mozten saiatzen ziren eta baita beren kideenak ere (9- 10 urtekoen kasuan). Haur hezkuntzakoek eta lehen nahiz bigarren mailakoek ez dituzte ezta guraizeak ukitu ere egin. Beraz, zailtasun handiak dituzte objektu txikiak eskuekin manipulatzeko eta ziurtasun eza, sekulan egin gabeko jarduerak baitira. Hori bai, izugarrizko abilezia dute “cuter”-arekin (edo “eskileto”arekin eurek dioten moduan) arkatzari punta ateratzen.
Ikusitakoa ikusirik, zaila egiten zaigu teoria eta praktika arteko lotura bat egitea, ikusi ahal izan dugun irakaskuntza autoritatean, diziplinan eta perfekzionismoan oinarriturik baitago. Zaila egiten zaigu baita ere, ikasle hauekin urruneko helburu batzuk finkatzea. Izan ere, sekulako aurreraupusutzat hartzen baitugu edozein aldaketa txiki. Esate baterako, lehen astean marrazki bat euren kabuz, euren irudimenetik abiatutako zirriborro bat egitea ia ezinezkoa zen. Idatzitakoa isladatuko zuen adierazpen grafiko bat egiteko eskatzen genienean, berehala liburuaren bila joaten ziren, bertan adibideak baitzituzten. Ondoren marrazki hauek kalko paperarekin kopiatzen zituzten euren koadernoetan; kalko paperik ez bazen, horri bat arkatzez margotu eta hura erabiltzen zuten irudia berdin- berdin eta txukun- txukun kopiatzeko.
Teoria eta praktikaren arteko loturen saiakera honetan konturatu gara zein desberdina den irakaskuntza putzuaren alde baten zein bestean. Egunetik egunera asko ari gara ikasten, eta unibertsitatean ikasitakoaz gain gure irudimenari hegoak zabaltzen dizkiogu Canchas Blancasera joaten garen bakoitzean, zaila izan baita egunero, gai bakar batekin eta ia materialik gabe sei ordu betetzea eta haurrei zerbait ulertaraztea.
Azken batean, jakin badakigu gu hemendik joaten garenean egoerak lehengoan jarraituko duela, eta beraz, ezin dugula gure irakaskuntza inposatu.
Hala ere, gu hemen gauden bitartean, aldaketa txiki batzuk egin ditugu: hala nola, jolasen bidezko irakaskuntza; mapa kontzeptualen erabilpena dakitenetik abiatuz; jarduera dinamikoagoak; parte hartze handiagoa; ikasleen arteko eztabaidetan esku-hartzea…
Harro gaude egiten ari garen lanarekin eta irakaslearengan ere aldaketa batzuk somatzen ari gara, jarrera baikorragoa baitu gurekiko (lehengoan zoriondu egin gintuen gure ahaleginagatik eta proiektu berriak sortu nahi ditu gurekin elkarlanean).
Gure aldetik, badakigu esperientzia hau ez dugula bizitzan ahaztuko, egun bakoitzak erronka berri bat suposatzen baitu. Espero dugu hemen ikasitakoarekin han ere irakasle hobeak izango garela, “hobeak”, gure irizpideetan oinarrituz.
Okurin, gure familiarengandik, lagunengandik eta Euskal Herriaren berotasunetik urrun egon arren, izarretatik eta ametsetatik gertuago gaudela dirudi.