jueves, 5 de mayo de 2011

Sei hilabete sei minututan



Sei hilabete sei minututan laburtzea ez da batere erraza, sei hilabeteko sentimenduak, sei hilabeteko bizipenak, sei hilabeteko lagunak, sei hilabeteko oroitzapenak, sei hilabeteko emozioak, sei hilabeteko beldurrak, sei hilabeteko ametsak, sei hilabeteko zorionak ... hona hemen sei hilabete sei minututan. Hasi eta bukatu egiten baitira gauza denak.

martes, 29 de marzo de 2011

CHAU BOLIVIA!!!

Eskerrik asko Canchas Blancas, eskerrik asko Ocuri, eskerrik asko Sucre eta eskerrik asko sei hilabete hauetan gure bidean gurutzatu zareten guztioi ezagutzeko aukera emateagatik.

Zaila da Bolivian garen azken egun hauetan hitzez barnean ditugun sentimendu hauek guztiak azaltzea. Azken astea polita bezain gogorra izan da. Pixkanaka bidean ezaguturiko jende guztiaz agurtu gara, eta azken egunetan hasi gara “sinesten” bihar Euskal Herrirantz abiatuko garela. Negar malkoak ia begietatik uxatu ezinik jasan behar izan ditugu hainbat eta hainbat momentu gazi- gozo. Baina indarrez beteta eta bizitako esperientziaz aseturik ekin diogu itzulerari.

Chau Bolivia eta laster arte!!!

Eta eskerrik asko baita ere, hilabete guzti hauetan putzuaren bestaldetik jarraitu gaituzuen guztioi!


Gracias Canchas Blancas, gracias Ocuri, gracias Sucre y gracias a todas esas personas que hemos conocido por el camino.

No es facil expresar con palabras todos estos sentimientos que nos invaden. La ultima semana ha sido tan bonita como dura. Poco a poco hemos tenido que despedir a toda la gente querida, y estos ultimos dias empezamos a “creer” que mañana comienza nuestro regreso a casa. Hemos tenido que vivir varios momentos agridulces, sin poder evitar las lagrimas en nuestros ojos. Pero, regresamos llenas de fuerza y muy satisfechas de la experiencia vivida.

Chau Bolivia y hasta pronto!!!




lunes, 7 de marzo de 2011

UREZ PASATAKO IHAUTERIAK KUARENTENAN!!


Martxoak 1; goizeko 6:30ak eta Maier eta Maddi gora!! Euskal Herriko erreleboaren bila abiatu ginen Sucreko terminalera. Antza denez, ez dugu oraindik ikasi Boliviako autobusak sekula ez direla aurreikusitako orduan iristen, baina emozioaren indarrez, 7tarako bertan ginen.

Halako batean iritsi ziren, eta a ze poza!! Ordutik bost gara gure gelan!! Nola ahala moldatzen gara maleta artean bizirauteko!!

Duela lau egunetik, hemen ere ihauteriak “ospatzen” gabiltza. “Ospatzen” diogu, duela hilabetetik ur globazoen inbasio batean murgildurik gaudelako. Hilabetez geroztik bustiak iristen gara etxera, baina ihauteriak hasi direnetik alerta gorrian gaude!! Globoak hemendik eta handik; ur baldekadak burutik behera; kamioi gaineko brigadak etengabe; apar nazkagarri bat gorputz guztian barrena; gas lakrimogenoak; zutik mantendu ezin diren milaka mozkor… benetan kaotikoa da hiria eta beldurra ematen du kalera ateratzeak.

Ihauteri hauek bereziak izan dira hala ere. Martxoaren 4 eta 5ean, Maier eta Iratiren urtemugak izan ziren, eta nola ez, por todo lo alto ospatu gentiuen: Boliviako tarta erraldoia, jolas kooperatiboak, logika jolasak, Tarijako ardo ona… Jende dexente bildu ginen etxean eta giro aparta izan genuen, gure betiko menu ezagunarekin: ensalada a la vasca, revuelto a la vasca, pastel de quinua, Benjaminen pastel beganoa…

Zorionez, bi egun barru etxe gartzelaratzea amaituko zaigu eta agur esango diegu 2011ko ihauteriei.

viernes, 18 de febrero de 2011

EMILIANO: AHOTSIK GABEKO BIZITZA

Duela pare bat aste ezagutu genuen Emiliano. Goizean goiz, IPTKko egoitzan aurkitu genuen, irribarre amaigabe batekin aurpegian. Ezezagunak baginen ere, maitekiro agurtu gintuen besarkada bero batekin eta txantxak eginak bere eskuekin.

Artean ez genuen bere bizitzaren berri, baina zerbait berezia antzematen zitzaion. Bertatik joan zenean ezagutu genuen bere istorioa, ondorengo lerroetan dakiguna laburbildu dugularik:

Hiru urte besterik ez zituela, euriteek eragindako lur- jauzi batean gurasoak galdu zituen. Ondorioz, bere amonarekin bizitzera joan zen; baina, hau ere adinekoa zen ordurako eta urte gutxiren buruan hil zen. Berriz ere, bakarrik aurkitu zen munduan eta bere osaba- izeba ugariren eskuetatik pasa zen denbora gutxian.

Hauek ematen zioten tratua ordea, ez zen batere ona, hoien artean tratu- txar fisikoak jasanaz. Horregatik, ihes egin eta kaleko- ume bihurtu zen. Esan beharra dago, Emiliano, jaiotzez gorra dela eta sekula ez duela hezkuntzari jaso. Beraz, ez daki zeinu hizkuntza; komunikazio bide bakarra identifikatu gabeko keinuen bidez da.

Kalean bizi denetik, pertsonekiko harremanik ez duenez, txakurrak izan ditu beti bere lagun eta zaindari. Edonori galdetuta ere, denek ezagutzen dute hirian tzakurrekin bizi den mutiko gorra bezala. Hauek eman diote urte guzti hauetan kalean bizirauteko babesa.

Duela pare bat urte, hiriaren zaintzaz arduratzen diren polizia “batida” batek topatu zuen eta bere egoera tamalgarria ikusirik, egoitza batera eraman zuten (Jiura – jiura). Bertan, jasotako tratua ere ez zen batere ona izan eta berriz ere ihes egin zuen. Jakin ahal izan dugunez, 2005 urteraino gutxienez, zigor baliabide gogorrak zituzten bertan; ohien artean, “kartzela” (metro karratu bateko zelda, burnizko barroteekin eta lur- zoru biluziarekin).

Orduz geroztik, Emialiano zuhaitz batean “bizi” da. Orain ere, txakurrak ditu adiskide eta sekulan ez dute bakarrik uzten. Jateko baliabide gutxi dituen arren, lortzen duen gutxia eurekin elkar- banatzen du. Batzuetan, eskean ibiltzen da, besteetan inork ez dituen lanak egiten ditu, eta beste batzuetan lapurretan aritzen da. Oso noizbehinka IPTKra azaltzen da eta pertsonekin duen harreman apurra izanik, bertako maitasun epelaren bila.

Egoeraren berri izanik, bertako gizarte- langileek behin baino gehiagotan esku- hartu nahi izan dute. Hala ere, Emilianok ez du “laguntzarik” nahi.

EGUN BAT SUCREN

¡Buen dia!

Goizean goiz esnatu, IPTKra joan, eta zortez euria ari ez badu furgoneta kargatu, atzekaldean bultzaka “eskola” erantsi eta tirriki-tarraka, Sucreko kaleetan barrena, auzo batera edo bestera abiatzen gara.

Orduak pasatzen ditugu umeekin jolasean (partxixa, pinguinoak, bamboleo, villa palleti…) eta eguerdi parterako, IPTKra iristen gara. Berriz ere eskola bertan utzi eta merkatura joaten gara bazkaria erostera. “Caserita, no me va a comprar nada hoy??” “a cuanto esta la cuartilla de tomate??” “12 bolivianos mamita” betiko emakumeari erosten ez badiogu, hau da hau errieta!!

“Todo pan”-etik pasa, gure ogi goxoa erosi eta buelta etxera!! Iritsi eta etxeko sukaldean jaun eta jabe, gure amona!! “no comen choclo??” que no mamita que no, amonak hemen eta han, amon.

Bazkalondoren, etxeko guztiek lapurtzen diguten kafea hartu, eta telebistaren aurrean atsen pixka bat. 2:30tarako, hala ere, zutitu eta 3. Zenbakidun autobusa hartuz, umezurztegira iristen gara eguerdiko 3tarako. “Mami mami!!” denek nahi dute zure atentzioa eta borroka egiten dute gure magalean edo alboan eseritzeko. Lehenengo aldia da ume batek “ama” deitzen digula eta egia esan ez da batere xamurra.

Beraiekin ordu batzuk igaro, eta gure lagunen dendara!! Bertan, matea hartu eta alfonbra gorrian eserita berriketan pasatzen zaizkigu orduak!! Egunaren arabera, teknologia berrien abantailetaz baliatuz (skype) Euskal Herriko etxe goxoetara sartzen gara, eta konturatzerako, afalordua iritsi da!! Etxera bueltatu eta etxekoekin berriketaldia. Amonak errieta etxea garbiltzeko esanaz, tradizional tradizional, etxe honetan emakumeak bakarrik egin dezake lan!! Baina gazteak ere bizi gara pixu honetan, eta sukaldaritza internazionala ikasten ari ere ari gara!!: kreepak, fruta exotikoen jugo goxoak; enpanadak; berengena frijitua (pixukide bat beganoa denez, gu ere iaia bidean goaz!!).

Afalosteko egonaren ostean, gure gela erraldoieko ohe erosoetan murgiltzen gara, gau polit bat pasatzeko asmoz.

Ondoloin!! Chao!!

ESKOLA MUGIKORRA ETA UMEZURZTEGIA: GURE EGUNEROKO ERRUTINA

Hogei egun badira Sucrera iritsi ginela, eta ordutik gauza asko egin ditugu. Hasteko, IPTK-ko CERPI egoitzak duen eskola mugikorreko proiektuan bolondres gisa gabiltza goizero.

Bertan, Sucreko auzo desberdinetara hurbiltzen gara, egun bakoitzean auzo desberdin batera, eta kalean lan egiten duten umeekin igarotzen ditugu orduak (auto garbitzaileak, egunkari saltzaileak, zapata garbitzaileak, adreiuak kargatzen dituztenak…) mundu globalizatu eta kapitalista honetan, ume askori haurtzaroa lapurtu diete. Horregatik, eskola mugikorraren helburua, umeak errutina horretatik atera eta ume sentiaraztea da.

Arratsaldeetan aldiz, duela lau bat hilabete ezagutzeko aukera izan genuen umezurztegira joaten gara. Bertan, 0-5 urte bitarteko umetxoekin egoten gara eta denetariko egoerak ezagutu ditugu. Horien artean, bihotza ukitu digute Ocuritik heldu ziren lau anai-arrebek. Duela 15 bat egun aita galdu zuten eta ama bakarrik geratu zen 10 seme-alabekin. Ezinak eraginda, lau ume gazteenak adopzioan ematea erabaki zuen, eta horrela iritsi ziren lehengo astean umezurztegira. Lehen eguneko itxurak, gure Canchas Blancas eskolako ikasleak gogorarazi zizkigun: masail erreak, zorriz betetako buruak, sarna eta zikinkerik beteriko arropak.

Gaixoek ez zuten ezer ere ez ulertzen. Ocuri bezalako herri xume batetik, umezurztegiko garbitasunera pasa ziren gauetik egunera; Quechua bakarrik ulertzetik, inork ulertzen ez zituen leku arrotz batera.

Gaurkoa egun berezia izan da Sucren. Evo Moralesek azkenaldian darabilkien inflazio politikak eraginda (oinarrizko elikagai eta garraioaren igoera) herritarrek ordu batzuetako lanuztea egin dute. Jarraitzaile gehinak, indigenak izan dira. Beraz, ezin izan dugu lanik egin.

sábado, 5 de febrero de 2011

ETXEAN, BERRIZ ERE: SUCRE

Jada astebete pasa da bidaia bukatu eta Sucrera itzuli ginela. Itzulera mundiala izan zen, berriz ere gure lagunekin elkartu eta udako oporretako abenturak elkarbanatzeko aukera izan baikenuen.

7 egunek askorako eman dute: hasierako gauak, gure betiko “Pachamama” hostalean pasa genituen, gure amatxo den Anitaren ondoan. Baina geratzen diren bi hilabeteetan hirian izango garenez, aukera merkeago baten bila hasi ginen. Aspaldian ikusi gabe genuen gure lagun Benjaminekin hitz egin ondoren, bere etxera bizitzera joateko esan zigun. Aukera ikusi, kontuak atera, eta zalantzarik egin gabe, pixura etorri gara bizitzera: Enmo Reyes 50, gure helbide berria.

Etxea Fernandorena da, eta logelak alokatzen ditu. Hemen oso ezaguna den “anticretico” moduan hartua du etxea (urte batzuetarako diru kopuru baten truke, etxearen jabe izan daiteke eta berarekin nahi duena egin). Sukaldea eta komuna elkarbanatzen ditugu gainontzeko etxekideekin eta logelatxo xarmangarri bat dugu biontzat.

Gure pixukide kuttunena, argazkian ikus dezakezuen Txokolate txakurra dugu. Beti dabil etxetik bueltaka jolas egin nahian eta benetan maitagarria da.
Ostiralean, IPTK (hemengo GKE-an) izan ginen eta eskola mugikorreko proiektuaren lehen bilera izan genuen. Astelehenean bertan hasiko gara bertan lanean ezustekorik ez bada.
Kontatuko dizuegu…

viernes, 28 de enero de 2011

LA PAZ-en, PAKERIK GABE!!!


Rurrenabaquetik, berriz ere La Paz-era etorri ginen. Pare bat egun daramatzagu hiria ezagutuz eta bertako kale zorabiagarrietan gora eta behera.

Hala ere, badira 5 gau ondo lo egiten ez dugula. Amazonaseko oroigarri aparta diren pikotazoek, ez digute begirik biltzen uzten!!

Hemen ere, bukatu zaizkigu egunak, eta gaur gauean abiantzen gara, berriz ere, Sucre aldera, astelehenean lanari ekiteko.

Bidaiatzen pasa ditugun bi hilabete hauek ahaztezinak bezain adieraztezinak izan dira, eta gorputza nekaturik dugun arren, azken txanpari ekiteko irrikaz eta indarrez beteta gaude.

Atzo lau hilabete putzua zeharkatu genuela, eta jada, bizitza beste begi batzuekin ikusten dugu.

MADIDI, BOLIVIAKO OIHAN AMAZONIKOA

Bi hilabeteko bidaiari ateak isteko, zerbait berezia egin nahi genuen. Horregatik, egun batzuk Amazonasen galdurik igaro ditugu.

La Paz-etik Rurrenabaquera (Madidiko ateetara) autobusez joan nahi genuen, baina azken aldiko euriteen ondorioz, oso harriskutsua dela ohartu gara; beraz, hegazkin militarrean egin genuen bidaia sinestezin hau.

Rurrenabaque Boliviako Beni probintzian kokatzen den herri txiki txiki bat denez, bere aeroportua ere halakoxea suertatu zitzaigun. La Paz atzean utzi, eta altiplanoko zeruan murgildu ginen. Handik, ikusgarria egin zitzaigun, bat batean gure azpian 6000m-tik gorako mendi gailur elurtuak horren gertutik ikustea. Eta berehala, haiek gainditurik, klima tropikaleko oihan luze eta zabalarekin topatu ginen. Halako batean … hegazkinaren gurpilak atera ziren, eta lurrartzeko pistarik inon ikusten ez bagenuen ere, gu behera eta behera… Bertako zuhaitz guztiak jan behar genituela zirudien!!!

Minutu gutxitan belarrez estalitako lur zati batean lurreratu ginen. Hegazkinetik irteteko eskailarik ez, baina nola ahala oinak lurrean jartzea lortu genuen. A zer nolako klima aldaketa!!! 4000m- tatik 100m- tara ordubete eskasean eta hezetasunez eta moxkitoz inguraturik oharkabean.

Hiru egunez gure taldekide izango zirenekin elkartu ginen orduan: hiru argentino eta bi hego- korear, guztiok adin beretsukoak eta (eskerrak) sekulako giroa gure artean… Furgoneta tar- tar batean ekin genion ohieanean murgiltzeari. Baina, denak ezin zuen ondo atera … ordu pare bat egin ostean, motorra berotu eta putzu zikinetako ura botatzeari ekin zioten. Nola ahala, bost ordu tar-tarrean pasa ondoren, Santa Rosara heldu ginen bazkaltzera.

Bazkalostean hasi zen benetako abentura. Motordun “txalupa” batean igo ginen eta hiru orduz Amazonaseko ibaian barrena ibili ginen, bertako fauna eta flora behatuz: kaimanak, lagartoak, mota guztietako txori kuriosoak, tximuak (capuccinoak, chichiloak … ) eta nola ez, gure lagun moxkitoak!


Chichilo tximuek atsegin handiz hartu gintuzten antza denez, Maddiri pixa egin zioten buruan eta Maierri kaka! Iujuuuuuuu

Hiru ordu igaro ondoren, azkenean heldu ginen kanpalekura (lastoz eta egurrez egindako lau pareta). Orduan hasi ginen jabetzen, moxkitoek ere atsegin handiz hartu gintuztela: ipurtaldea guztiz janda genuen, nahiz eta, ahalik eta gehien babestu ginen. Hortxe hasi zen lo egin ezineko lehen gaua (goizeko edoizen ordutan azkuraz esnatuta ere, beti zen zure egoera bereko taldekideren bat).

Bigarren goizerako plana: ANAKONDEN BILA! Lau ordu luzez putzutan katiuskak jantzita noraezean galdurik, anakonda bakar bat ere ez ikusteko (katiuska bakoitzean litro bat ur, sorbaldetarainoko belar luzea, eta milioika moxkito inguruan). Euri zaparrada itzela hasi zuen arte inork ez zuen amore eman! Eta orduan, behi konkordunen estalpean babestu ginen.

Bazkalosterako plana: PIRAINAK ARRANTZATZERA! Oraingoan ere, zorterik ez. Arratsalde osoa haragi zati ustel bati helduta, euria goitik behera, eta piraina guztiak izkutaturik.
Eguna amaitzeko plana: “momento kanpamento” koltxoi bakar batean denok kukildurik moskitera azpian. Munduko kultura desberdinei buruzko ezagutzak areagotu genituen, gai GUZTIAK, ikutuaz … :)

Hirugarren eguna (eta bigarrena lorik egin gabe). Goizeko plana: IZURDEEKIN IGERI EGITERA! Ba al zenekiten Amazonas erdian (ur gezatan) izurde arrosak bizi zirenik? Guk ez, baina ikusi ahal izan genituen, kaioekin jolasean. Hori bai, gu uretara sartzean, izurderik ez.
Bazkalostean Rurrenabaquera itzuli behar genuen. Horretarako, 3 orduz berriz ere, motordun txalupan joan ginen denok buru makur. Ez ginen goibel, baina, bizitzan jasan dugun euri ZAPARRADA handiena bota zuen arratsalde hartan, eten- unerik gabe. Hori da gogoz euria egitea!!

Azkenean, busti bustirik eta leher eginda, iritsi ginen Rurrenabaquera. Ba al zenekiten… Milan, Paris eta hurrena, moda kontuan, Rurrenabaque dela? Guk ez, baina bertara iristean egin genuen lehen gauza, 1€-tan arropa lehorra erostea izan zen. Hiru egunez arropa busti, zikin eta lokaztuekin ibili eta gero, izugarri eskertu genuen bigarren eskuko arropa haiek jantzi eta zerbeza frexko batzuk gure lagun berriekin hartzea.

Herriko zerbeza merkeenen bila ibili eta gero, bilar baten alboan 4 ahulkitan eserita amaitu genuen. Aldamenean, hamaika bat urteko mutiko bat pelotetan dantzan, ondoan dozena bat gizon “tinba”- n, eta gu, 5 egunez dutxatu gabe, inor baino zoriontsuago bizipenak gogoratuz …

Kutxitril- kutxitrilenean lo egin ondoren, gure lagunak agurtu eta agur esan genien moxkitoei!

AUTOBUS MARATOIA, ETA AZKENEAN BOLIVIAN!!!

Huanchacon ginen, Peruren iparraldeko muturrean, eta Boliviara pasatzea zen genuen helburua.
Hegaldiak begiratu eta begiratu, baina ez ziren 300 eurotatik jeisten. Beraz, gure lagun autobusetara itzuli ginen, eta 50 eurotan lortu dugu muga zeharkatzea.

Hori bai, jesukriston buelta eman dugu lau egunetan, eta gure gorputzek pott egin dute.

Lehen eguna: Huanchaco – Trujillo – Lima
Bigarren eguna: Lima – Arequipa
Hirugarren eguna: Arequipa – Puno
Laugarren eguna: Puno – Copacabana!! (Bolivia)
Egun batzuk Copacabanan, Titicaca lakuaren ertzean pasa genituen, artisautza, musikalari eta giro apartean murgildurik. Eta azkenean, La Pazera heldu ginen. Autobus maratoiean ordu batzutako itxaronaldiak izan ditugu. Argazkia, Limako belaze batean deskantsatu genuenekoa; atzean itsasoa, bi hilabetez berriz ere ikusiko ez duguna.

viernes, 14 de enero de 2011

HUANCHACO, PERU IPARRALDEKO PARADISUA

Unai aeroportuan kostata agurtu ondoren, berriz ere biok bakarrik, bideari ekin genion.

Oraingo honetan, Peru iparraldera abiatu gara, kostaldeko herri txiki bateko lasaitasunaz gozatzera.
Hiru egun pasa ditugu Trujillotik 10 kilometrora dagoen herri xarmangarri honetan, eta konturatu gabe iritsi zaigu alde egiteko ordua.

Herri txiki hau kostaldean dago eta olatu itzeleko hondartza amaigabeez josita dago. Arraroa egin zaigu ordea, hemen, turista gehiagorekin ez topatzea. Beharbada, ezagunagoa den Mancoran pillatuko dira guztiak. Honek, lasaitasunean egoteko aukera eman digu eta egia esan behar ere, behar genuen, horrenbesteko trotearen ondoren.

Otsailean berriz ere Bolivian egon behar dugu gure bigarren proiektuari ekiteko, Sucreko eskola mugikorrean. Urtarrileko egunak pixkanaka amaitzen ari direnez, Boliviara bueltatzean jarri dugu bista, eta gaur gauean abiatzen gara bost egunetan egin nahi dugun autobus maratoiean.
Autobusez hitz egiten hasita, xelebreak dira hemen topatu ditugunak!! Teknologia berritzailerik ez dute (kaja kanbioa gidariaren atzekaldean dago; bateria bidaiarien eserlekuen artean; txapazkoa dute estruktura eta honen gainetik ez dago deus ere; a ze tirriki-tarrakak!!).
Trujillon arratsaldea pasata, bertako “plaza de armas” eta peatonal zoragarria ikusi ondoren, bagoaz. Hurrengoa Boliviatik!!

lunes, 10 de enero de 2011

MACHU PICCHUN, INKEN HERRIALDE SAKRATUAN


Hamabost egun berezi hauei amaiera emateko, ezin Peru utzi Machu Picchura joan gabe. Orain, behin bertan izan ostean, uler dezakegu zergatik den horren ezaguna, sinestezina baita mendi punta hortako paisaia, hitz bakar batean: askatasuna.

Punotik Cuscora bidaiatu genuen lehendabizi, Cusco bera era oso ederra iruditu zaigu: oinezkoentzako kale estuak, kolonizazio garaiko eliza, monastegi eta katedral ugari, 12 aurpegiko harri perfektua, plaza jendetsu zoragarri bat… Azken finean, turistentzat moldatu den hiria izan da, eta plaza inguruko denda guztiak Machu Picchura goazen “gringoentzako” motxila, euritako, bastoi eta moskitoen kontrako lokzioz beterik daude. (Orioko aldapa ere topatu dugu bertan)

Cuscotik, “Camino Inca”-n barrena galdu eta lehenengo eguna ttipi-ttapa mendian gora oinez pasa zitzaigun. Eta zenbat eskertu ere…!! Orain arteko lehorte guztia alde batean utziz, erabat berdea zen mendian murgildu ginen. Zenbat bejetazio, zenbat lore mota…!! Euskal Herria gogorarazi zigun une batez eta etxemina gaindituz arnasa sakon hartu eta oso gustora egin genuen bidea.

Eta halako batean, iritsi ginen. Horrenbeste aldiz argazkietan ikusitako pasaia majikoa begien parean, eta gu, sinetsi ezinik.

Gaua pasatzera Aguas Calientes herrira jetsi ginen eta hurrengo goizean, goizeko 4etan esnatu eta berriz ere mendian gora abiatu ginen. Machu Picchu eta inkei buruzko bisita interesgarriaren ostean, gure kabuz arakatu genuen herri sakratuaren txoko bakoitza. Argazkiak atera eta atera, ezinezkoa baita bertan argazki txar bat ateratzea. Eta guk noski, artistikoak nahi genituen, eta hasi ginen igotzen harresi txiki batera. Artean ez genekien debekatuta zegoenik horrelakoetan igotzea, eta igotzen hasi orduko segurata bat builaka hasi zitzaigun handik jeisteko esanez. Esan orduko lurrean ginen, baina gizonak nahikorik ez eta boletoak eskatu eta kendu zizkigun “os quiero ver fuera inmediatamente!!”.

Jarrera lekuz kanpokoa iruditu zitzaigun eta segurtasun ordezkari gorenarekin hitz egitera joan ginen. Ez zitzaigun inondik inora bidezkoa iruditzen horrelako gauza batengatik Machu Picchutik botatzea, eta ordezkariarekin hitz egin ondoren, boletoak bueltatu eta berriz ere sartzen utzi ziguten.

Machu Picchutik jetsi ondoren, Aguas Calienteseko ur termaletan atseden hartzea erabaki genuen. Euri zaparradaren pean, goxo goxo ibili ginen bertako uretan, eta ahuleziak jota atera ginen hirurok.

Handik Cuscora itzuli ginen egun amaiearako, eta bertan azken afaria egin ondoren, Limara ekarri gintuen autobusa hartu genuen.

Ama Birgina Begoñakua!! Hori biajia!! Zer ez zitzaigun bertan pasa…

24 ordu, zein baino zein luzeagoak. Autobusean sartu orduko, berebiziko beroa eta haizerik ez; inguru guztian sekulako txiki-parka (horrek dakarren guztiarekin); San Sebastian eguneko tanborrada zuzenean (jostailu bedeinkatua!!); atzeakoaren umea titia edan eta titia edan (botaka egin eta benga, berriz ere titia (24 ordu titia edaten); pixa soilik egin zitekeen komunean, el listillo de turnok kaka egin zuen (imajina dezakezue kiratsa…); autobus erdia botaka (gora Peruko kurbak eta gidari kamikazeak!!); gauerdian, portuaren erdian lurjauzi baten ondorioz karretera moztuta, autobusa kieto parau; goizeko 3tan amona komunean enzerratuta laguntzera joan ginen arte; goizeko 9tan, orduerdiko geldialdia autobusa garbiltzeko (egia esan zerritoki galanta egina zegoen…!!)…

Leher eginda Limara iritsi ginen dutxa baten ametsean. Hostala bilatu, motxilak utzi, eta urik ez!! Baina badakizue honezkero hemen beti “todo bien” dagoela, eta guk ere filosofia hori erabat barneratua dugunez, poz pozik atera ginen bazkaltzera.

Eta halaxe joan zaizkigu egunak Liman. Atzo Unai agurtu genuen pena handiz, eta gaur ekin diogu abandonatutako bloga berriz ere berritzeari.

Mila esker Unai, 15 egun zoragarri hauengatik!!

URTEZAHARRA TITIKAKAN

Azken hilabete hauetan bizitzako esperientziak biltzen ari gara. Eta 2010.urtea amaitu eta 2011.ari hasiera emateko modu berezi bat topatu nahian, Titikjakja lakura joatea erabaki genuen.
Arequipatik Punora bidaiatu ostean, bertan ordu batzuk deskantsatu plazan eta inguruko kaleetan gora- eta behera paseatuz; eta berriro ere leku ezezagun batetara goaz: Titikjakja (ez baita Titikaka esan behar! Quechua hizkuntzatik datorren izena da eta beraz, ahoskera ere berezia du).

Gure uste okerrean gaizki esaten dugu laku hau, Inken mitologian laku sakratutzat dute. Mundu osoan garaiera altuenean dagoen lakua da. Hedadurari dagokionez, gaur egun, lakuaren %60-a Peruri dagokio, eta gainontzeko %40-a Boliviari. Hori dela eta, irla batzuk soilik ezagutu ahal izan ditugu.
Punotik irten eta goizean “Islas flotantes” deritzanetara (Uros) joan ginen. Bertan bizikidetza arau oso bereziak dituzte, irla bera urtero berritzen dute inguruan dituzte landare konkretu batzuen zurtoinekin, eta hasiera batean lurrekiko inongo loturarik ez bazuten ere, gaur egun, harri batzuen bidez toki egonkorrean mantentzen dira.

Handik ordu batzuetara (izan ere barkuaren abiadura, sineskaitza bada ere, ia lokartzeko modukoa baitzen) Amantani irlara heldu ginen. Bertan familia desberdinetan banatu gintuzten eta bazkaltzera Joan ginen. Gure etxeko-andrea Clara genuen. Bazkalostean irlako punturik altuenera abiatu ginen aldapan gora (4100m). Izan ere, bertan Inken tenplu sakratua baitzegoen. Hara heldu, tenpluari hiru bira eman erlojuaren kontrako norantzan (urteko energía txarrak kanporatu eta onak eskuratzeko) eta egunsenti ikaragarri baten lekuko izan ginen. Kasualitatez edo txiripaz, une hartan bertan Euskal Herrian 12 kanpaikadak ospatzen ari zineten, urte berriari ongi etorria emanez!

Hurrengo goizean, Claratak gosari bikain batekin agurtu eta urrengo irlara ekin genion: Taquile. Irla honetan ere mendian gora ibiltzeko aukera izan genuen, irlari ia bira osoa emanez. Bertan urte berri eguneko bazkaria izan genuen, “trucha a la parrilla”, mundiala! Bazkalostean berriz ere portura jaitsi, barkua hartu eta Puno ekin genion.

Puno bera ere oso herrixka maitagarria iruditu zaigu, lakuaren ertzean kokaturiko herrixka txiki eta xarmanta.
Hortik, Cusco aldera abitu ginen.

BERRIZ ERE AREQUIPAN

Hiri erraldoia atzean utzi eta berriz ere Arequipara itzuli gara. Aurrez esan bezala, lehengo bixitan Colca-ko kañoia ezagutzea gelditu zitzaigun, eta beraz, orain hirurok joan gara bertara.

Goizean goiz esnatu eta autobusean abiatu ginen. Begiak zabaltzean, bat batean 5000m-tan ginen, eta gure inguru guztia elurrez estalirik zegoen. Nola esan eta ulertu udako solstizioa pasa berritan elur artera joango ginenik… Handik ordu batzutara, 4800m-tako altueran edo, gure begi aurrean munduko bigarren sakonera handiena duen kañoia genuen!!!

Tamalez, euriteen aldian gaudelako, behe laino trinkoa genuen gure azpian; eta mendi tontorrak ikus genitzakeen arren, zaila egin zitzaigun mendi arteko sakonera hartan zerbait desberdintzea. Lainoeen gainetik genbiltzan!!!

Hala ere, metro batzuk behera egin ostean, izugarria izan zen bertako ikusmira: Inken garaiko terraza mordoa mendi magaletan, bailararen sakontasunean kolore arreko erreka, zerurantz begiratu eta kondorrak hegan … Itzela!

Handik bueltan Chivay izeneko herrixkan egin genuen geldialdia. Ez da oso herri handia baina turista ugari joaten dira bertara Colca-tik bueltan. Horregatik, bertako emakumeak segituan atera ziren plazara euren artisautzako lanak saltzera (kolore guztietako ehunak, txapelak, esku- larruak …) eta baita turisten atrakzio eta entretenimendurako nonbaitetik ekarritako llama, alpahaca eta putreak ere …

Ikaragarria izan zen eguna eta zaila da berehalakoan ahaztea, une batez bada ere, gure aurrean izan genuen amildegia eta askatasun sentimendu hura.

GABON GAUA LIMAN

2010.urteko abenduaren 24a eta gu hemen, putzuaren bestaldean, gure familia, lagun eta herritik urrun; baina Olentzeroren ongi etorria ospatuz.

Iada egun batzuk daramatzagu Liman, Peru hiriburuan, eta egia esan uste baino ederragoa iruditu zaigu.

Hiri haundi gehienak bezala, kontrastez beterik dago. Oso, oso, oso txiroak diren auzo ugari ditu kanpoaldean; eta erdialdean berriz, Miraflores, Barranco eta Larcomar izeneko auzo aberatsak ditu. Mirafloreseko kaleetan barrena orduak igaroz, zaila da sinestea ez gaudela Europako edozein hiriburutan, kale garbi eta zabalak, zentru komertzial ikaragarriak, denda ezagun eta globalizatuak, musika estatubatuarra edonon, mundo guztian zabaldurik dauden janari- edari markak … Azken finean, edonon topatu daitekeen giro kapitalista eta kontsumista.

Hala ere, hego ameriketako hirien bereizgarri den trafiko erogarri hori ere badu, zaila eta beldurgarria bilakatzen delarik errepideak gurutzatzea. Klaxon soinuan momentuoro, bat bateko kotxe talkak … Hemen gidatzea burutik pasa ere ez zaigu egin! Bizitza estimatzen baitugu.

Bestetik, kanpoalderago dauden auzo guztiz ezberdinak ere baditu. Hona heldu berritan ezagutu genuen proiektu bat esateko, benetan esanguratsua iruditu zaigu. Azken urteetan auzo txiro hauetan kolore horiko eskailera hori izugarriak eraikitzen ari dira. Izan ere, asfalturik ez dute bertako errepideek eta hango biztanleek euren etxeetara heltzeko zuten bide bakarrak sekulako hareazko aldapak ziren. Hori dela eta, eskailera hori hauek eraikitzen hasi ziren eta orain, errazago jarri dute auzo hauetara iristea.

Gabon gaua berezia izan da inondik ere, orain arteko familia giroko afari erraldoiak alde batera utzi eta azken orduan super-merkatuan erositako oilasko erre lehorra izan dugu jangai. Azken orduak aeroportuan igaro ditugu Euskal Herritik opariz beteta etorri zaigun bixitaren esperoan.
EGUBERRI ON DENOI!