sábado, 5 de febrero de 2011

ETXEAN, BERRIZ ERE: SUCRE

Jada astebete pasa da bidaia bukatu eta Sucrera itzuli ginela. Itzulera mundiala izan zen, berriz ere gure lagunekin elkartu eta udako oporretako abenturak elkarbanatzeko aukera izan baikenuen.

7 egunek askorako eman dute: hasierako gauak, gure betiko “Pachamama” hostalean pasa genituen, gure amatxo den Anitaren ondoan. Baina geratzen diren bi hilabeteetan hirian izango garenez, aukera merkeago baten bila hasi ginen. Aspaldian ikusi gabe genuen gure lagun Benjaminekin hitz egin ondoren, bere etxera bizitzera joateko esan zigun. Aukera ikusi, kontuak atera, eta zalantzarik egin gabe, pixura etorri gara bizitzera: Enmo Reyes 50, gure helbide berria.

Etxea Fernandorena da, eta logelak alokatzen ditu. Hemen oso ezaguna den “anticretico” moduan hartua du etxea (urte batzuetarako diru kopuru baten truke, etxearen jabe izan daiteke eta berarekin nahi duena egin). Sukaldea eta komuna elkarbanatzen ditugu gainontzeko etxekideekin eta logelatxo xarmangarri bat dugu biontzat.

Gure pixukide kuttunena, argazkian ikus dezakezuen Txokolate txakurra dugu. Beti dabil etxetik bueltaka jolas egin nahian eta benetan maitagarria da.
Ostiralean, IPTK (hemengo GKE-an) izan ginen eta eskola mugikorreko proiektuaren lehen bilera izan genuen. Astelehenean bertan hasiko gara bertan lanean ezustekorik ez bada.
Kontatuko dizuegu…

No hay comentarios:

Publicar un comentario