sábado, 18 de diciembre de 2010

PERUN GAUDE


Chileko egun garestiak atzean utzita, azkenean, duela pare bat egun iritsi ginen Perura. Aricatik (Chile) Tacnara (Peru), kolektiboetan egin genuen bidaia, eta milaka aduana pasa ondoren + interpol-en kontrola, azkenean iritsi ginen Arequipara.

Arequipa, Peruko bigarren hiririk handiena da, ia milioi bat biztanle ditu eta 2300m-tako altueran kokatzen da. Inguru erabat bolkanikoa du eta normala da maiztasunez lurrikarak egotea (gu iritsi baino hiru egun lehenago 5 graduko lurrikara jasan zuten!! Baina badirudi oso ohituta daudela kezkarik ez baita somatzen).

Egia esan, antzematen da Chilen ezagutu ditugun herriekiko desberdintasuna, eta badirudi berriz ere, Sucren gaudela. Nahiz eta hau aberatsagoa den, baditu hainbat antzekotasun Boliviarekin: jendeak itxura indigenagoa du; eraikuntza guztiak kolonizazio garaikoak dira; kalea gurutzatzea bizitza arriskuan jartzea da...

Baina bestalde, nahiko hiri garatua denez, erosotasun guztiak aurkitu ditugu (hegoameriketan gaudenetik dastatu dugun kaferik hoberena topatu dugu!!).

Eraikuntza zoragarriz beterik dago (monastegiak, jauregiak, elizak…) eta erdiguneko eraikuntza guztiak harri bolkaniko zuri ederrez eginak daude, baita gure hostal kutre bezain xarmangarria ere!!

Hala ere, inguru honetako ikusgarriena Colca kañoia omen da, munduko bigarren kañoirik handiena. Baina hori bueltarako utziko dugu, gaur gaueko 9:30etan Limara goaz eta!!

Pd: Lehenengo argazkia, Arequipako “tiko” taxiak dira; bigarrena aldiz, gabonetako zuhaitz azpian gure lagun katalan, frantses eta brasildarrarekin.

lunes, 13 de diciembre de 2010

ITSASOZ BESTALDERA JOAN GINEN, ETA EZ GARA EGUNDO ITZULIKO...


Azkenean, iritsi gara Txilera! Pazifikoaren atarira. Gure lehen helmuga, San Pedro de Atacama izan zen, desertuaren magalean dagoen herritxo txiki eta xarmangarri bat. Etxetxo txiki txuriak, milaka “souvenir” denda eta dozena t´erdi jatetxe; dena “gringo”-z beteta. Herria polita bezain garestia (hegoamerikako herrialde pobreenetik (Bolivia) aberatsenera igaro gara ezustean).

Gure hurrengo geltokia Iquique izan da, Txileko iparraldeko kostan kokaturiko hondartza luzedun hiritxo bat. Hiru hilabete ostean, azkenean, gure ametsetako itsasoa ikusi eta dastatu dugu. Hiri hau surflari-en bilgunea da eta baita oporretara datozen hegoamerikar jendearena ere.


Pare bat egun daramatzagu eta sinestezina da horren gertu egonik, zenbateraino aldatzen den bizimodua leku batetik bestera. Hemen ibiligailuak, kaleak, super-merkatuak, garbitasuna… Euskal Herrikoaren parekoak dira (eta baita prezioak ere).
Horregatik, prezioarengatik, Txilen ahalik eta denbora gutxien pasatzea da gure asmoa; lehen bailehen Perura iritsi eta diru pixka bat aurrezteko. Beraz, bihar Aricara abiatuko gara, bertatik Perura (Tacnara) joateko.

Egun hauek izugarriak izan dira: desertutik itsasora, pobreziatik aberastasunera, kultura indigena itxietatik globalizazioz “zikindutako” jendartera, ia ezer ez dagoen herri galdu batetik denetarik dagoen hirietara … kontraesanez beteta gaude!

Eta kontraesanei indarra emanez, heldu dira gabonak (zuhaitzak apainduak, argiak kaleetan, abestiak edonon …) eta tiradun nikiekin gabiltza eguzkipean.

viernes, 10 de diciembre de 2010

PARADISUA EZAGUTU DUGU: UYUNI

Hiru egun hauek hitzez azaltzea ezinezkoa da. Benetan paradisua ezagutu dugu.
Kilometroak eta kilometroak…Hutsaren erdian eta sentimenduz beteta. Zenbat eta zenbat gatz, hondar eta basamortu…!!


Uyuni, munduko gatz deserturik handiena da, eta zeinen txiki sentitu garen…!!
Lurrazpitik datozen litiozko burbuilak ukitu ditugu; arrainaren irlara igo gara (kaktus itzelez beterikoa); gatzez eginiko adreiluak ikusi ditugu; arrokazko zuhaitza ukitu dugu; heisserrak ikusi ditugu; sumendien artean ibili gara (Ollague); kolore desberdinetako lakuak ikusi ahal izan ditugu (flamenkoz beterikoak) guztien artean ikusgarriena “Laguna Colorada” deritzona 4700 metrotan, gorri gorria; arrokazko zuhaitzean zintzilikatu gara; terma ikusgarri batzuetan murgiltzeko aukera izan dugu 5000 metrotara; goizeko lauetan esnatu eta fumarola artean ibili gara…eta azkenean, San Pedro de Atacaman, Chilen, gaude.




Hurrengo helmuga: Iquique (Chile)

GERO ARTE, SUCRE


Ocuri atzean utzi, Sucren igaro ditugu azken hamar egunak. Hasiera txundigarria izan zen, bi hilabete mendi artean pasa ondoren, sinestezina iruditu zaigu ez garela berriro hara itzuliko. Eskolan udako oporrak izanik, unibertsitateko lanak bukatzeari ekin genion ahalik eta bizkorren bidaiatzen hasteko. Hala ere, zoragarriak izan dira egun hauek.


Nabaritzen da jada bi hilabete daramatzagula putzuaren bestaldean eta pixkanaka, hemen ere lagunak egin ditugu; eta ez nola nahikoak gainera; artisautzaz bizi diren mediku eta ingeniari bat (Xavier eta Alonso) eta beraien kuadrila osoa, hauek ere gehientxuenak artisauak. Argazkian euren denda eta gure lagun gertukoenak agertzen gara, bidaiatzera irten aurretiko agur- afarian. Zenbat ordu pasa ote ditugu denda honetako alfonbraren inguruan matea edanez, ardoa dastatuz, afari bat edo beste eginaz, hitz- aspertu sakonetan …


Egunak bizkor igaro dira Sucre aldean, eta bertan etxean bezala sentitzen gara honezkero: Anitak jaten ematen digu egunero, Martinek gure anaia gaztea dirudi, Gaton (gure tabernan) VIP bezero bilakatu gara, eta egunero zuku, natxo, eta nahi dugun guztira gonbidatzen gaituzte … Zer gehiago eska genezake?


Zaila egin zaigu hiri maitagarri hau atzean uztea, baina aldi berean, gure bigarren etapari hasiera emateko irrikitan gaude. Ea zer ekartzen digun etorkizunak …