lunes, 13 de diciembre de 2010

ITSASOZ BESTALDERA JOAN GINEN, ETA EZ GARA EGUNDO ITZULIKO...


Azkenean, iritsi gara Txilera! Pazifikoaren atarira. Gure lehen helmuga, San Pedro de Atacama izan zen, desertuaren magalean dagoen herritxo txiki eta xarmangarri bat. Etxetxo txiki txuriak, milaka “souvenir” denda eta dozena t´erdi jatetxe; dena “gringo”-z beteta. Herria polita bezain garestia (hegoamerikako herrialde pobreenetik (Bolivia) aberatsenera igaro gara ezustean).

Gure hurrengo geltokia Iquique izan da, Txileko iparraldeko kostan kokaturiko hondartza luzedun hiritxo bat. Hiru hilabete ostean, azkenean, gure ametsetako itsasoa ikusi eta dastatu dugu. Hiri hau surflari-en bilgunea da eta baita oporretara datozen hegoamerikar jendearena ere.


Pare bat egun daramatzagu eta sinestezina da horren gertu egonik, zenbateraino aldatzen den bizimodua leku batetik bestera. Hemen ibiligailuak, kaleak, super-merkatuak, garbitasuna… Euskal Herrikoaren parekoak dira (eta baita prezioak ere).
Horregatik, prezioarengatik, Txilen ahalik eta denbora gutxien pasatzea da gure asmoa; lehen bailehen Perura iritsi eta diru pixka bat aurrezteko. Beraz, bihar Aricara abiatuko gara, bertatik Perura (Tacnara) joateko.

Egun hauek izugarriak izan dira: desertutik itsasora, pobreziatik aberastasunera, kultura indigena itxietatik globalizazioz “zikindutako” jendartera, ia ezer ez dagoen herri galdu batetik denetarik dagoen hirietara … kontraesanez beteta gaude!

Eta kontraesanei indarra emanez, heldu dira gabonak (zuhaitzak apainduak, argiak kaleetan, abestiak edonon …) eta tiradun nikiekin gabiltza eguzkipean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario