viernes, 10 de diciembre de 2010

GERO ARTE, SUCRE


Ocuri atzean utzi, Sucren igaro ditugu azken hamar egunak. Hasiera txundigarria izan zen, bi hilabete mendi artean pasa ondoren, sinestezina iruditu zaigu ez garela berriro hara itzuliko. Eskolan udako oporrak izanik, unibertsitateko lanak bukatzeari ekin genion ahalik eta bizkorren bidaiatzen hasteko. Hala ere, zoragarriak izan dira egun hauek.


Nabaritzen da jada bi hilabete daramatzagula putzuaren bestaldean eta pixkanaka, hemen ere lagunak egin ditugu; eta ez nola nahikoak gainera; artisautzaz bizi diren mediku eta ingeniari bat (Xavier eta Alonso) eta beraien kuadrila osoa, hauek ere gehientxuenak artisauak. Argazkian euren denda eta gure lagun gertukoenak agertzen gara, bidaiatzera irten aurretiko agur- afarian. Zenbat ordu pasa ote ditugu denda honetako alfonbraren inguruan matea edanez, ardoa dastatuz, afari bat edo beste eginaz, hitz- aspertu sakonetan …


Egunak bizkor igaro dira Sucre aldean, eta bertan etxean bezala sentitzen gara honezkero: Anitak jaten ematen digu egunero, Martinek gure anaia gaztea dirudi, Gaton (gure tabernan) VIP bezero bilakatu gara, eta egunero zuku, natxo, eta nahi dugun guztira gonbidatzen gaituzte … Zer gehiago eska genezake?


Zaila egin zaigu hiri maitagarri hau atzean uztea, baina aldi berean, gure bigarren etapari hasiera emateko irrikitan gaude. Ea zer ekartzen digun etorkizunak …

No hay comentarios:

Publicar un comentario