lunes, 22 de noviembre de 2010

AZKEN ESKOLA EGUNA, UDAKO OPORREN AURRETIK



Gaurkoa izan da Canchas Blancasen egin dugun azken eskola eguna. Goizean goiz, urduri, esnatu, aurrez erositako txokolate, esne, azukre eta galletak motxilan sartu eta betiko bideari ekin diogu.

Eskola iritsi orduko, ikasleetako baten amaren laguntzaz txokolatea prestatu dugu (ximaurrez piztutako suaren bidez) a ze usaina!!

Dena prest utzita, astelehenero bezala, bandera igoera eta Boliviako hereserkia abestu ditugu. Ondoren, gela barrura sartu eta gosariari ekin diogu. A ze txokolate festa!! Eramandako 11 galleta paketeak irentsi dituzte, bertan emandako ogiarekin batera…!! Espero dugu gaur gauean gure erruz tripako minik ez izatea…!

Mahai giroan pasa zaizkigu lehenengo orduak, azken aldiz umeetaz gozatu eta melankolia puntua gorputzetik ezin kenduz. Aukera aprobetxatuz, gure oparitxoa eman diegu (bi hilabete hauetako argazkiz osatutako mural handi bat).

Gosaria dastatu ondoren, aurreko asteetatik prestatzen gabiltzan antzerkia antzeztu dugu: Pachamama izenekoa (ama lurra). Hau bukatzean konturatu gara bi hilabete hauen amaiera ere heldu dela, eta umeak gainetik ezin kendu pasa zaigu azken ordua: alde batetik bat, bestetik bestea, bizkarretik zintzilik pare bat, mangatik tiraka beste bost… gogorra izan da umeei agur esan eta berriro itzuliko ez garela onartzea.

Bi hilabete hauetan errutina errepikakor batean sartuak egon gara, eta ez gara ohartu zenbaterainoko lotura sortu den umeen eta gure artean. Euren eguneroko galdera bera izan da beti: “¿vais a venir mañana?” eta oharkabean beti baiezkoa erantzuten genien. Gaurkoan ordea, ezezkoa erantzun behar izan diegu eta zaila da sinistea bihar, berriz ere, ez diogula bide berari ekingo.

Momentu zoragarriak eta momentu gogorrak bizi izan ditugu eskola honetan: poza, inpotentzia, pena, amorrua, zoriontasuna… azken finean, idatziz ezin dira denak gorde eta gure oroitzapenetan soilik geratuko dira betiko.

Hitzez adierazi nahi genituzke hainbat eta hainbat bizipen, baina askotan ezinezkoa da ikusten duguna sinistu, barneratu eta azaleratzea.

Eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen, ume hauek guztiak ezagutzeko eta beraiekin bizitzeko aukera eskaintzeagatik. MILA ESKER CANCHAS BLANCAS!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario