viernes, 18 de febrero de 2011

EMILIANO: AHOTSIK GABEKO BIZITZA

Duela pare bat aste ezagutu genuen Emiliano. Goizean goiz, IPTKko egoitzan aurkitu genuen, irribarre amaigabe batekin aurpegian. Ezezagunak baginen ere, maitekiro agurtu gintuen besarkada bero batekin eta txantxak eginak bere eskuekin.

Artean ez genuen bere bizitzaren berri, baina zerbait berezia antzematen zitzaion. Bertatik joan zenean ezagutu genuen bere istorioa, ondorengo lerroetan dakiguna laburbildu dugularik:

Hiru urte besterik ez zituela, euriteek eragindako lur- jauzi batean gurasoak galdu zituen. Ondorioz, bere amonarekin bizitzera joan zen; baina, hau ere adinekoa zen ordurako eta urte gutxiren buruan hil zen. Berriz ere, bakarrik aurkitu zen munduan eta bere osaba- izeba ugariren eskuetatik pasa zen denbora gutxian.

Hauek ematen zioten tratua ordea, ez zen batere ona, hoien artean tratu- txar fisikoak jasanaz. Horregatik, ihes egin eta kaleko- ume bihurtu zen. Esan beharra dago, Emiliano, jaiotzez gorra dela eta sekula ez duela hezkuntzari jaso. Beraz, ez daki zeinu hizkuntza; komunikazio bide bakarra identifikatu gabeko keinuen bidez da.

Kalean bizi denetik, pertsonekiko harremanik ez duenez, txakurrak izan ditu beti bere lagun eta zaindari. Edonori galdetuta ere, denek ezagutzen dute hirian tzakurrekin bizi den mutiko gorra bezala. Hauek eman diote urte guzti hauetan kalean bizirauteko babesa.

Duela pare bat urte, hiriaren zaintzaz arduratzen diren polizia “batida” batek topatu zuen eta bere egoera tamalgarria ikusirik, egoitza batera eraman zuten (Jiura – jiura). Bertan, jasotako tratua ere ez zen batere ona izan eta berriz ere ihes egin zuen. Jakin ahal izan dugunez, 2005 urteraino gutxienez, zigor baliabide gogorrak zituzten bertan; ohien artean, “kartzela” (metro karratu bateko zelda, burnizko barroteekin eta lur- zoru biluziarekin).

Orduz geroztik, Emialiano zuhaitz batean “bizi” da. Orain ere, txakurrak ditu adiskide eta sekulan ez dute bakarrik uzten. Jateko baliabide gutxi dituen arren, lortzen duen gutxia eurekin elkar- banatzen du. Batzuetan, eskean ibiltzen da, besteetan inork ez dituen lanak egiten ditu, eta beste batzuetan lapurretan aritzen da. Oso noizbehinka IPTKra azaltzen da eta pertsonekin duen harreman apurra izanik, bertako maitasun epelaren bila.

Egoeraren berri izanik, bertako gizarte- langileek behin baino gehiagotan esku- hartu nahi izan dute. Hala ere, Emilianok ez du “laguntzarik” nahi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario