viernes, 18 de febrero de 2011

ESKOLA MUGIKORRA ETA UMEZURZTEGIA: GURE EGUNEROKO ERRUTINA

Hogei egun badira Sucrera iritsi ginela, eta ordutik gauza asko egin ditugu. Hasteko, IPTK-ko CERPI egoitzak duen eskola mugikorreko proiektuan bolondres gisa gabiltza goizero.

Bertan, Sucreko auzo desberdinetara hurbiltzen gara, egun bakoitzean auzo desberdin batera, eta kalean lan egiten duten umeekin igarotzen ditugu orduak (auto garbitzaileak, egunkari saltzaileak, zapata garbitzaileak, adreiuak kargatzen dituztenak…) mundu globalizatu eta kapitalista honetan, ume askori haurtzaroa lapurtu diete. Horregatik, eskola mugikorraren helburua, umeak errutina horretatik atera eta ume sentiaraztea da.

Arratsaldeetan aldiz, duela lau bat hilabete ezagutzeko aukera izan genuen umezurztegira joaten gara. Bertan, 0-5 urte bitarteko umetxoekin egoten gara eta denetariko egoerak ezagutu ditugu. Horien artean, bihotza ukitu digute Ocuritik heldu ziren lau anai-arrebek. Duela 15 bat egun aita galdu zuten eta ama bakarrik geratu zen 10 seme-alabekin. Ezinak eraginda, lau ume gazteenak adopzioan ematea erabaki zuen, eta horrela iritsi ziren lehengo astean umezurztegira. Lehen eguneko itxurak, gure Canchas Blancas eskolako ikasleak gogorarazi zizkigun: masail erreak, zorriz betetako buruak, sarna eta zikinkerik beteriko arropak.

Gaixoek ez zuten ezer ere ez ulertzen. Ocuri bezalako herri xume batetik, umezurztegiko garbitasunera pasa ziren gauetik egunera; Quechua bakarrik ulertzetik, inork ulertzen ez zituen leku arrotz batera.

Gaurkoa egun berezia izan da Sucren. Evo Moralesek azkenaldian darabilkien inflazio politikak eraginda (oinarrizko elikagai eta garraioaren igoera) herritarrek ordu batzuetako lanuztea egin dute. Jarraitzaile gehinak, indigenak izan dira. Beraz, ezin izan dugu lanik egin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario