Hiri erraldoia atzean utzi eta berriz ere Arequipara itzuli gara. Aurrez esan bezala, lehengo bixitan Colca-ko kañoia ezagutzea gelditu zitzaigun, eta beraz, orain hirurok joan gara bertara.
Goizean goiz esnatu eta autobusean abiatu ginen. Begiak zabaltzean, bat batean 5000m-tan ginen, eta gure inguru guztia elurrez estalirik zegoen. Nola esan eta ulertu udako solstizioa pasa berritan elur artera joango ginenik… Handik ordu batzutara, 4800m-tako altueran edo, gure begi aurrean munduko bigarren sakonera handiena duen kañoia genuen!!!
Tamalez, euriteen aldian gaudelako, behe laino trinkoa genuen gure azpian; eta mendi tontorrak ikus genitzakeen arren, zaila egin zitzaigun mendi arteko sakonera hartan zerbait desberdintzea. Lainoeen gainetik genbiltzan!!!
Hala ere, metro batzuk behera egin ostean, izugarria izan zen bertako ikusmira: Inken garaiko terraza mordoa mendi magaletan, bailararen sakontasunean kolore arreko erreka, zerurantz begiratu eta kondorrak hegan … Itzela!
Handik bueltan Chivay izeneko herrixkan egin genuen geldialdia. Ez da oso herri handia baina turista ugari joaten dira bertara Colca-tik bueltan. Horregatik, bertako emakumeak segituan atera ziren plazara euren artisautzako lanak saltzera (kolore guztietako ehunak, txapelak, esku- larruak …) eta baita turisten atrakzio eta entretenimendurako nonbaitetik ekarritako llama, alpahaca eta putreak ere …
Ikaragarria izan zen eguna eta zaila da berehalakoan ahaztea, une batez bada ere, gure aurrean izan genuen amildegia eta askatasun sentimendu hura.
No hay comentarios:
Publicar un comentario