lunes, 25 de octubre de 2010

TARABUCO


Igande goiza zen Sucren eta Pachamaman lo gozo- gozo egin ostean, goizeko 7:30etan herriko plazan geratuta geunden gure lagun Alejandrorekin.


Pertsonaia xelebrea inondik ere, pultserak, eraztunak, belarritakoak … egiten ditu bere esku trebeekin, zein baino zein originalagoak. Bestalde, psikoanalista da eta kalean bizi diren haurrei artisautza ikastarotxoak, malabareak, musika … eskaintzen dizkie.


Alejandrorekin, bere lagun peruarrarekin eta Vale nexka alemaniarrarekin, goizean goiz oinez hasi ginen Sucre bailaratik mendian gora; bizkarrean gitarra eta artisautzaz betetako zakuak genituelarik. Orduerdi aldapan gora egin eta gero, azkenean, iritsi ginen Tarabucoraino eramango gintuen “autobusera”.


Ordu eta erdiko bidea egin genuen 8 BOV-en truke (jakin dugunez, tour turistikoak ere badaude igande goizetan, 200 BOV-engatik).


Iritsi orduko, herriko plazako kolore bizi eta anitzek gure begiak bahitu zituzten. Hura zen hura oihal festa! Hamar komunitate desberdinetako indigenak biltzen merkatu honetan igandero, eta turistez gain, herri guztietako biztanleak bertaratzen dira erosketak egitera. Momentu batez, Euskal Herriko azoka herrikoi batean sentitu ginen ibiltari.


Gure bueltaxka eman eta zenbait gauza erosi ondoren, gure lagunengana bueltatu ginen plazaren iskina batera. Bertan izugarrizko giroa zegoen: zuzeneko musika “pachamama” abestia kantatuz; Vale llama beltzaren ile lakarrarekin pontxo bat egin nahian Alemaniako negu hotzerako; Alejandro eta peruarra pultserak egiten; beste bi mutil frantses tertulian… eta gu biak, espektakulo hippi honen erdian, pultserak egiteari ekin genion. Ez da kontu erraza, baina badakigu denborarekin lortuko dugula, Alejandrori esana baitiogu Sucren gaudenetan plazatik pasa eta erakusteko. Hobe eskuak sei behatz balitu…!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario