sábado, 18 de diciembre de 2010

PERUN GAUDE


Chileko egun garestiak atzean utzita, azkenean, duela pare bat egun iritsi ginen Perura. Aricatik (Chile) Tacnara (Peru), kolektiboetan egin genuen bidaia, eta milaka aduana pasa ondoren + interpol-en kontrola, azkenean iritsi ginen Arequipara.

Arequipa, Peruko bigarren hiririk handiena da, ia milioi bat biztanle ditu eta 2300m-tako altueran kokatzen da. Inguru erabat bolkanikoa du eta normala da maiztasunez lurrikarak egotea (gu iritsi baino hiru egun lehenago 5 graduko lurrikara jasan zuten!! Baina badirudi oso ohituta daudela kezkarik ez baita somatzen).

Egia esan, antzematen da Chilen ezagutu ditugun herriekiko desberdintasuna, eta badirudi berriz ere, Sucren gaudela. Nahiz eta hau aberatsagoa den, baditu hainbat antzekotasun Boliviarekin: jendeak itxura indigenagoa du; eraikuntza guztiak kolonizazio garaikoak dira; kalea gurutzatzea bizitza arriskuan jartzea da...

Baina bestalde, nahiko hiri garatua denez, erosotasun guztiak aurkitu ditugu (hegoameriketan gaudenetik dastatu dugun kaferik hoberena topatu dugu!!).

Eraikuntza zoragarriz beterik dago (monastegiak, jauregiak, elizak…) eta erdiguneko eraikuntza guztiak harri bolkaniko zuri ederrez eginak daude, baita gure hostal kutre bezain xarmangarria ere!!

Hala ere, inguru honetako ikusgarriena Colca kañoia omen da, munduko bigarren kañoirik handiena. Baina hori bueltarako utziko dugu, gaur gaueko 9:30etan Limara goaz eta!!

Pd: Lehenengo argazkia, Arequipako “tiko” taxiak dira; bigarrena aldiz, gabonetako zuhaitz azpian gure lagun katalan, frantses eta brasildarrarekin.

lunes, 13 de diciembre de 2010

ITSASOZ BESTALDERA JOAN GINEN, ETA EZ GARA EGUNDO ITZULIKO...


Azkenean, iritsi gara Txilera! Pazifikoaren atarira. Gure lehen helmuga, San Pedro de Atacama izan zen, desertuaren magalean dagoen herritxo txiki eta xarmangarri bat. Etxetxo txiki txuriak, milaka “souvenir” denda eta dozena t´erdi jatetxe; dena “gringo”-z beteta. Herria polita bezain garestia (hegoamerikako herrialde pobreenetik (Bolivia) aberatsenera igaro gara ezustean).

Gure hurrengo geltokia Iquique izan da, Txileko iparraldeko kostan kokaturiko hondartza luzedun hiritxo bat. Hiru hilabete ostean, azkenean, gure ametsetako itsasoa ikusi eta dastatu dugu. Hiri hau surflari-en bilgunea da eta baita oporretara datozen hegoamerikar jendearena ere.


Pare bat egun daramatzagu eta sinestezina da horren gertu egonik, zenbateraino aldatzen den bizimodua leku batetik bestera. Hemen ibiligailuak, kaleak, super-merkatuak, garbitasuna… Euskal Herrikoaren parekoak dira (eta baita prezioak ere).
Horregatik, prezioarengatik, Txilen ahalik eta denbora gutxien pasatzea da gure asmoa; lehen bailehen Perura iritsi eta diru pixka bat aurrezteko. Beraz, bihar Aricara abiatuko gara, bertatik Perura (Tacnara) joateko.

Egun hauek izugarriak izan dira: desertutik itsasora, pobreziatik aberastasunera, kultura indigena itxietatik globalizazioz “zikindutako” jendartera, ia ezer ez dagoen herri galdu batetik denetarik dagoen hirietara … kontraesanez beteta gaude!

Eta kontraesanei indarra emanez, heldu dira gabonak (zuhaitzak apainduak, argiak kaleetan, abestiak edonon …) eta tiradun nikiekin gabiltza eguzkipean.

viernes, 10 de diciembre de 2010

PARADISUA EZAGUTU DUGU: UYUNI

Hiru egun hauek hitzez azaltzea ezinezkoa da. Benetan paradisua ezagutu dugu.
Kilometroak eta kilometroak…Hutsaren erdian eta sentimenduz beteta. Zenbat eta zenbat gatz, hondar eta basamortu…!!


Uyuni, munduko gatz deserturik handiena da, eta zeinen txiki sentitu garen…!!
Lurrazpitik datozen litiozko burbuilak ukitu ditugu; arrainaren irlara igo gara (kaktus itzelez beterikoa); gatzez eginiko adreiluak ikusi ditugu; arrokazko zuhaitza ukitu dugu; heisserrak ikusi ditugu; sumendien artean ibili gara (Ollague); kolore desberdinetako lakuak ikusi ahal izan ditugu (flamenkoz beterikoak) guztien artean ikusgarriena “Laguna Colorada” deritzona 4700 metrotan, gorri gorria; arrokazko zuhaitzean zintzilikatu gara; terma ikusgarri batzuetan murgiltzeko aukera izan dugu 5000 metrotara; goizeko lauetan esnatu eta fumarola artean ibili gara…eta azkenean, San Pedro de Atacaman, Chilen, gaude.




Hurrengo helmuga: Iquique (Chile)

GERO ARTE, SUCRE


Ocuri atzean utzi, Sucren igaro ditugu azken hamar egunak. Hasiera txundigarria izan zen, bi hilabete mendi artean pasa ondoren, sinestezina iruditu zaigu ez garela berriro hara itzuliko. Eskolan udako oporrak izanik, unibertsitateko lanak bukatzeari ekin genion ahalik eta bizkorren bidaiatzen hasteko. Hala ere, zoragarriak izan dira egun hauek.


Nabaritzen da jada bi hilabete daramatzagula putzuaren bestaldean eta pixkanaka, hemen ere lagunak egin ditugu; eta ez nola nahikoak gainera; artisautzaz bizi diren mediku eta ingeniari bat (Xavier eta Alonso) eta beraien kuadrila osoa, hauek ere gehientxuenak artisauak. Argazkian euren denda eta gure lagun gertukoenak agertzen gara, bidaiatzera irten aurretiko agur- afarian. Zenbat ordu pasa ote ditugu denda honetako alfonbraren inguruan matea edanez, ardoa dastatuz, afari bat edo beste eginaz, hitz- aspertu sakonetan …


Egunak bizkor igaro dira Sucre aldean, eta bertan etxean bezala sentitzen gara honezkero: Anitak jaten ematen digu egunero, Martinek gure anaia gaztea dirudi, Gaton (gure tabernan) VIP bezero bilakatu gara, eta egunero zuku, natxo, eta nahi dugun guztira gonbidatzen gaituzte … Zer gehiago eska genezake?


Zaila egin zaigu hiri maitagarri hau atzean uztea, baina aldi berean, gure bigarren etapari hasiera emateko irrikitan gaude. Ea zer ekartzen digun etorkizunak …

lunes, 22 de noviembre de 2010

AZKEN ESKOLA EGUNA, UDAKO OPORREN AURRETIK



Gaurkoa izan da Canchas Blancasen egin dugun azken eskola eguna. Goizean goiz, urduri, esnatu, aurrez erositako txokolate, esne, azukre eta galletak motxilan sartu eta betiko bideari ekin diogu.

Eskola iritsi orduko, ikasleetako baten amaren laguntzaz txokolatea prestatu dugu (ximaurrez piztutako suaren bidez) a ze usaina!!

Dena prest utzita, astelehenero bezala, bandera igoera eta Boliviako hereserkia abestu ditugu. Ondoren, gela barrura sartu eta gosariari ekin diogu. A ze txokolate festa!! Eramandako 11 galleta paketeak irentsi dituzte, bertan emandako ogiarekin batera…!! Espero dugu gaur gauean gure erruz tripako minik ez izatea…!

Mahai giroan pasa zaizkigu lehenengo orduak, azken aldiz umeetaz gozatu eta melankolia puntua gorputzetik ezin kenduz. Aukera aprobetxatuz, gure oparitxoa eman diegu (bi hilabete hauetako argazkiz osatutako mural handi bat).

Gosaria dastatu ondoren, aurreko asteetatik prestatzen gabiltzan antzerkia antzeztu dugu: Pachamama izenekoa (ama lurra). Hau bukatzean konturatu gara bi hilabete hauen amaiera ere heldu dela, eta umeak gainetik ezin kendu pasa zaigu azken ordua: alde batetik bat, bestetik bestea, bizkarretik zintzilik pare bat, mangatik tiraka beste bost… gogorra izan da umeei agur esan eta berriro itzuliko ez garela onartzea.

Bi hilabete hauetan errutina errepikakor batean sartuak egon gara, eta ez gara ohartu zenbaterainoko lotura sortu den umeen eta gure artean. Euren eguneroko galdera bera izan da beti: “¿vais a venir mañana?” eta oharkabean beti baiezkoa erantzuten genien. Gaurkoan ordea, ezezkoa erantzun behar izan diegu eta zaila da sinistea bihar, berriz ere, ez diogula bide berari ekingo.

Momentu zoragarriak eta momentu gogorrak bizi izan ditugu eskola honetan: poza, inpotentzia, pena, amorrua, zoriontasuna… azken finean, idatziz ezin dira denak gorde eta gure oroitzapenetan soilik geratuko dira betiko.

Hitzez adierazi nahi genituzke hainbat eta hainbat bizipen, baina askotan ezinezkoa da ikusten duguna sinistu, barneratu eta azaleratzea.

Eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen, ume hauek guztiak ezagutzeko eta beraiekin bizitzeko aukera eskaintzeagatik. MILA ESKER CANCHAS BLANCAS!!

lunes, 15 de noviembre de 2010

EBALUAKETA CANCHAS BLANCAS-en


Egun hauetan ikasleen ebaluazio egunak izan ditugu Canchas Blancas-eko eskolan. Irakasleak honen berri eman zigunean nahiko txundituta gelditu ginen biak. Izan ere, gure ikasleek arazo ugari dituzte orokorrean egunero ematen ditugun gaiekin.


Honela, iritsi zen matematikako ebaluaketa egiteko eguna. Irakasleari zer prestatu zuen edota nola ebaluatu behar genituen galdetzean, dozena bat ariketa aritmetiko arbelean idazteko eta eurek orri batean erantzun behar zituztela erantzun zigun. Bigarren mailakoek hiru batuketa, hiru kenketa eta hiru biderkaketa egin behar izan zituzten; eta hirugarrenekoek, berdina hiru zatiketa gehituaz. Emaitzak nahiko kaskarrak izan ziren orokorrean, ez baitituzte prozedura hauek ondo menperatzen. Baina hala eta guztiz ere, euren azken kalifikazioa azterketa honen araberakoa izango da.


Gaurkoan, lenguajeko azterketa izan dute. Goizean irakasleari galdera bera egin diogu: “Zerbait prestatua al duzu azterketan galdetzeko?” eta honen erantzuna ezezkoa izan da. “Ustedes, profesoras, tienen en los cuadernos de los alumnos los temas que se han trabajado. De ahí escojan unas cinco preguntas y que ellos las respondan.” Hori horrela, nahiz eta gure kriterioekin bat ez etorri, goiz osoa azterketa hau egiten igaro dute haurrek:


- Antes de la p y b se escribe m
- Sinonimos y antonimos
- Escribir una carta y deiferenciar sus partes
- Abreviaturas
- Escribir un poema
- …


Gure ustez, ez da ebaluatzeko biderik aproposena, ez baita ikaslearen lana, ahalegina eta garapena ebaluatzen; baizik eta, azken azterketa batean oinarritzen baita kalifikazioa. Hala eta guztiz ere, honela igaro ditugu bi egun.

viernes, 12 de noviembre de 2010

JALLP´A ÑAÑTA


Sucren ohiko da kalean haurrak lanean ikustea: zapatak garbitzen, musu- zapiak saltzen, gelatina saltzen… eta baita aldizkariak saltzen ere.


Aldizkari hauetako bat haurrek idatzitako artikuluez osatzen da (Jallp´a Ñañta), euren marrazkiak, errezetak, komikiak, denbora- pasak… horretaz gain, egun Bolivian haur langileen egoeraz datu errealak adierazten dira. Guzti hau 3 BOV-en truke. Aldizkari honetako aste honetako alean iritzi artikulu interesgarri bat topatu dugu eta gure blog-ean publikatzea erabaki dugu.


“Se estima que en el mundo hay 158 millones de niños, niñas y adolescentes trabajadores comprendidos entre los 5 – 14 años de edad que están trabajando, esto equivale a uno de cada seis niños en el mundo, considerando la edad, este dato estadístico es alarmante.


Es inportante recordar que el 1º de mayo de este año, se desarrolló una marcha por las calles de Sucre y que los protagonistas de esta marcha fueron niños y niñas que trabajan, aunque todos ellos caminaron con orgullo y diginidad, acompañados con banderas y pancartas relacionadas con la promoción y defensa de sus derechos. Creemos que es importante reflexionar sobre la situación de estos niños y adolescentes trabajadores, que desde muy pequeños tienen que luchar para ejercer sus derechos fundamentales como el acceso a la salud, alimentación, a la educación, etc. No importa si estamos en Sucre o en cualquier otra parte del mundo, o si vivimos una u otra coyuntura politica y social, deberiamos pensar que no es normal que los niños trabajen…”